natural selection

1. Biol.

Genotipoen ugalketa diferentziala dela kausa, bizidun-populazio baten ondoz ondoko belaunaldietan, ezaugarri heredagarri onuragarriak ugaritu eta ezaugarri desfaboragarriak urritzen dituen prozesua.

1. Biol.
Genotipoen ugalketa diferentziala dela kausa, bizidun-populazio baten ondoz ondoko belaunaldietan, ezaugarri heredagarri onuragarriak ugaritu eta ezaugarri desfaboragarriak urritzen dituen prozesua.

Hautespen naturala Edit

Egilea: Kepa Altonaga

HAUTESPEN NATURALA

Hautespen naturalak fenotipoen gainean eragiten du, hau da, bizidun baten ezaugarri behagarrietan, halako moldez non fenotipo faboragarridun aleek fenotipo ez hain faboragarridun aleek baino aukera handiagoa baitute bizirik iraun eta ugaltzeko. Ondorioz, fenotipo faboragarriekin asoziaturiko genotipoak ugarituz joango dira hurrengo belaunaldietan, alegia, maiztasun handiagoa erakutsiko dute. Denbora garrenean, prozesuak, batetik, adaptazio desberdinak itxuratu ahal ditu, bizidunak txoko ekologiko jakinetara moldatzen dituztenak, eta bai, orobat, espezie berrien agerpena ekar lezake. Alegia, hautespen naturala da mekanismoa, bizidun jakin baten populazioan eboluzioa gerta dadin.

Hautespen naturala, izatez, biologia modernoaren oinarrietariko bat da. Charles Darwinek plazaratu zuen kontzeptua 1859. urtean, Espezieen jatorria liburu ezinbestekoan, zeinean abere-hazleen hautespen artifizialarekiko analogiaz deskribatu baitzuen hautespen naturala: abere-hazleek desiragarritzat jotako ezaugarriak sistematikoki aukeratzen dira ugalketarako; halaxe, bada, hautespen naturalak ere. Darwinek hautespen naturalaren kontzeptua garatu zuenean, artean ez zegoen herentziaren teoria ganorazkorik, baina, gaur egun kontzeptu darwindarrari, jakina, genetikaren aurrerakadak ekarritako ezagutzak gehitu zaizkio.

Inoiz esan da hautespen naturala “begien bistako” mekanismoa dela, hiru egintza sinpletatik ondorioztatzen baita: 1, bizidunen populazioetan bariazio heredagarria dago; 2, bizidunek bizirik iraun dezaketenak baino ondorengo gehiago ekoizten dituzte; 3, ondorengo horiek gaitasun desberdina dute bizirik irauteko eta ugaltzeko.

Baldintza horiek bizidunen arteko lehia dakarte, eta, hortaz, lehiakideekiko abantaila damaiten ezaugarriak dituzten organismoek, hain zuzen ezaugarri horiek transmitituko dizkiote hurrengo belaunaldiari, eta ostera abantailabako ezaugarriak ez dira arrakastatsu suertatuko.

Hautespen naturalaren muineko kontzeptua organismoaren gaitasun ebolutiboa da —evolutionary fitness—. Izan ere, gaitasun ebolutiboak neurtzen du organismoak hurrengo belaunaldiari egingo dion ekarpen genetikoa. Alabaina, gaitasun ebolutiboa ez da kumeen kopuru totalaren parekoa: gaitasun ebolutiboak neurtzen duena da, organismo baten geneak daramatzaten hurrengo belaunaldien proportzioa. Hortaz, baldin eta alelo jakin batek gaitasun ebolutiboa gene bereko gainerako aleloek baino gehiago emendatzen badu, orduan belaunaldirik belaunaldi alelo jakin hori ugariago bihurtuko da populazioaren baitan: ezaugarri faboragarriek “aldeko” hautespena jasaten dutela esan ohi da. Egokitasun ebolutiboa handitu dezaketen ezaugarrien adibidea, kasurako, ugalkortasunaren emendioa izan daiteke. Aitzitik, hain onuragarria ez den edo deletereoa den alelo bat edukitzeak dakarren gaitasun ebolutibo makalak, azken batean, alelo hori urriago bihurtzea ondorioztatuko du, zeren eta, ezaugarri desegokiek “aurkako” hautespena jasaten baitute. Azpimarratu beharrekoa da, alelo jakin baten gaitasun ebolutiboa ez dela berezitasun finko bat, izan ere, ingurunea aldatzen bada, lehenago kaltegarriak edo neutralak suertatu diren ezaugarriak onuragarri bihur daitezke, eta bai kontrara ere, lehenago onuragarriak izan diren ezaugarriak desegoki bihur daitezke.

Populazio baten barruko ezaugarri bat balio batzuetan zehar alda daitekeenean, altuera berbarako, orduan hautespen naturala hiru motatakoa izan daiteke. Batetik, hautespen direkzional edo hautespen positibo delakoak alelo bakarra fabora dezake, eta horregatik populazio baten maiztasun alelikoa norabide batean joan daiteke etengabe (esaterako, organismoak altuago bihurtuko dira pixkanaka). Bigarrenik, hautespen disruptibo delakoak aldi berean faboratzen ditu ezaugarriaren balio-tarteko mutur bietako aleak: Darwinek ikusi zuenez, Galapago irletako txonten kasuan, hautespenak faboratu egin zituen bai moko handiak —hazi gotorrak jateko— eta bai moko txikiak —hazi txikiez elikatzeko—; tarteko mokoek zailtasunak zituzten hazi txikiak maneiatzeko, eta ez ziren nahikoa indartsu hazi handiak kraskatzeko. Azkenik, hautespen egonkortzaileak muturretako balioak barik artekoak faboratzen ditu. Hautespen egonkortzailearen adibide klasikoa ume jaioberrien pisua da: pisu txikiko txetxeak oso zaurgarriak direlarik, pisu handikoen erditzea zailagoa suertatzen da.

Hautespen naturalaren kasu berezi bat da hautespen sexuala, zeina, ugal parekamendurako arrakasta handitzen duen edozein ezaugarriren hautespena baita, hau da, bikotekide potentzialekiko erakargarritasuna areagotzen du. Hautespen sexualez eboluzionatu duten ezaugarriak oso nabarmenak dira zenbait espezietako arrengan, nahiz eta horrelako ezaugarriek —kasurako, harrapakariak erakarriko dituzten kolore biziak edota kantu zoliak— murriztu egiten duten ar horien biziraupena. Nolanahi, desabantaila hori bestetik lorturiko arrakasta ugaltzaile handiak orekatzen du.

Ikerketarako interes-gune handikoa bilakatu da hautespen-unitate delakoa. Eztabaida bizia sortu da biologo ebolutiboen artean, argitu ahal izateko zein neurritaraino aritu den hautespen naturala antolakuntza biologikoaren maila desberdinetan: gene, zelula, banako, talde, populazio edota espezie. Hortik eratorri dira beste zenbait kontzeptu: espezie-hautespena, talde-hautespena, ahaide-hautespena —kin selection — eta abar.